| BOTA HAUTSEZTATUAK Amerikako
rocka autoko irratian, errepide hautseztatuetan barrena. Bota zikinak
eta desertuko zeruan eguzki anker baten bortzinga, begiak ertixtera behartzen
duena. Aspaldiko ibilaldien oroimenek bultzatuta, istorio zaharren kontalari
datorkigu Markos Untzeta. Eta istorio
horietan, beste denbora bateko pertsonak, kaleak, begiak ertixtera behartzen
gaituztenak, amets antzeko hipnosian. Egokiera horretan gaudela, begiak
erdi itxita, alegia, Markosen ahotsak gidatuko gaitu garai bateko bidezidorretan
barrena, non errepideko tabernak, urkatuaren muino iluna eta drugstore
abandonatuetan lan egiten duten loserrak aurki baitaitezke, eta halaber,
galdutako nesken bihotz penatuak ere bai. Amerikar usaina du diskoak inondik
ere, Amerikako folk berria izenekoa hain modan dagoen garai honetan itzuli
zaigu Markos. Damien Jurado, Ben Lee edo Josh Ritter izan litezke Untzetak
azken garaiotan entzundako abeslariak, baina ziur naiz ez dela horrela.
Hauen kasuan bezala, Markosi ere aspaldikoagotik datorkio soinu honetarako
joera, Amerikako klasikoengandik, alegia: Bob Dylan, Neil Young, J.J.Cale,
Bruce Springsteen... Soinu horiek dotoretasunez egiten ditu bere Markosek,
oso emaitza pertsonala lortuz.
Disko honek alderdi asko ditu, baina aipagarriena zalantzarik gabe, Markosen intentzioa da, bere ahotsaren intentsitatearen bidez helarazten diguna. Markosek disko hau egin nahi zuela argi geratzen da. Barru-barrutik atera zaio, izan ere ez baitago hemen artifizialtzat jo dezakegun ezer, naturaltasunez eta gogoz, maitasunez eta indarrez egindako diskoa da. Iluna bezain argia. Iluna joandako garaietako pasadizo erdi ahaztuak ekartzen dituelako gogora, argia kristala moduko gitarra garbiengatik, pianoaren pultsio organikoarengatik... Zenbat euri du izena diskoak, eta ez da Markosen bigarren diskoa entzuteko luze itxaron behar izan dugulako, izan zitekeen, izan ere bost urte luze iragan baitira Gaua Basamortuan izeneko estreinaldi zoragarri eta txundigarri hartatik, ez, ez da horregatik, diskoan kontatzen dituen istorioengatik izan daiteke, horiek aspaldi handian gertatu zirelako, agian bai.
|
|
||||||||